XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

JELKIDEA ETAZALE

Agirreren heriotzak urrundu egin zuen Monzon alderdiaren ofizialtasunetik.

Monzon ez zen erbestean bizi, Euskal Herrian zegoen eta horren kontzientzia osoa zeukan.

Hainbat hitzaldi eman zituen han-hemenka, Itsasun egin zen Iparraldeko lehen Aberri Egunean esku hartze zuzena ukan zuen, antzerkiak antolatzen hasia zen...

Eta suari iztupa emateko, Hegoaldeko Salbuespen Egoera gero eta ugariagoetatik ihesi zetozen gazteak hasi ziren agertzen babes eske.

Honela utzi digu apuntatuta Piarres Larzabalek: 1966ko ekaina zen. Francoren diktaduragatik, Hego Euskaditik asko eta asko jende heldu zen Iparrerat ihesi. Jende horiek hartzen gintuen gure etxean, ahal ginuen bezala. Bainan jokaera horrek ez zezaken iraun. Egun batez, Telesforo Monzon jauna etorri zitzaitan, erranez diru puska bat eskuratu zuela, Hegoko euskaldun iheslari horien laguntzeko. Orduan pentsatu ginuen behar ginukela bizileku bat muntatu, iheslari horien aloitzeko.

Hala sortu zuten, A. Arregirekin batera, Anai Artea erakundea, urte luzez errefuxiatuen arta ukanen zuena.

Errefuxiatu gazteek gerra garaiko gudariekiko lotura ikusi zuten Telesforo Monzonengan beste inorengan baino argiago.

Honek, berriz, indarrean zetorren abertzaletasun berri eta euskaltzalea amets baten betetzea bezala hartu zuen.

Geldikeria politikoaren etsai, gudari modernoei egin zien kasu, Jaurlaritzaren norabide ofizialari baino areago.

Ni jelkidea naiz. Beti izan naiz jelkide. Sekulan baino jelkideago naizela uste dut gainera. Euskal Herriak sortu duen gauzarik haundienetakoa da. Mundu osoa harriturik utzi genuen guk orduan. Gerra hasi eta berehalaxe Joxe Antonio Agirrek esandako hitz haiek gogoangarriak dira: Kristau izatea herria maitatzea baldin bada, ni kristaua naiz; kristau izatea ezpataz kristautasuna sartzea baldin bada, ni ez naiz kristaua. Neretzat gauzarik haundienetakoa jelkidetasuna izan da. Egunen batean argituko dut hau. Gero egia da, etismoa sortu da. Ni etismoarekin oso bat eginik bizi naiz. ETAko mutil horiek gudariak dira, jelkideak izan ziren bezala; ni ETAko gudariekin bat ez banintz, ez nintzateke jelkide izango.